Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Gautegiz-Arteaga
2009ko urtarrilak 9, Barikua

;2008-09-26;Euskal Herriak ´bizi duen salbuespen egoerağ salatzeko mozioa ez dute onartu. Politika Ezker Abertzaleak mozioaren alde bozkatu du, eta EAJk kontra; Aralar eta EA abstenitu egin dira.

Euskal Herriak «bizi duen salbuespen egoera» salatzeko mozioa ez dute onartu

Politika Ezker Abertzaleak mozioaren alde bozkatu du, eta EAJk kontra; Aralar eta EA abstenitu egin dira.

oihana cabello/Danel Lauzirika

Udalbatzak ez zuen onartu «Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera» salatzeko herenegungo osoko bilkuran Ezker Abertzalea udal taldeak aurkeztu zuen urgentziazko mozioa. EAJk aurkako botoa eman zuen, eta EA eta Aralar abstenitu egin ziren.

Mozioak hamar puntu biltzen zituen, udalbatzak onar zitzan eskatuz. PSOEren gobernuak «aspaldi idatzitako gidoia bete» egin dela zioen mozioaren testuak.

Auzitegi Goreneko 61. Salak EAE-ANV eta EHAK legez kanporatzeari Askatasunaren legez kanporatzea eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren 21 kideren aurkako espetxe zigorrak gehitu behar zaizkiela adierazi zuen Ezkar Abertzalea udal taldeak. Baita «tortura kasu lazgarriak, atxiloketa eta espetxeratze arbitarioak, bahiketak, manifestazio debekuak, udaletxez udaletxe eta erakundeetan ematen den apartheid-a eta abar luze bat».

Ondorioz, Euskal Herrian «demokraziarik ez» dagoela zioen testuak. «Euskal Herrian aldaketa politikorako aukera zabalik dago eta PSOEk, salbuespen egoera basatiena ezarriz, autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideetan oinarritutako aldaketa politikoa galarazi nahi du aldaketa horren motorra den ezker abertzalea jazarriz».

«Marko konstituzionala»

Gaur egungo marko konstituzional-autonomikoa Euskal Herriaren herri eskubideen ukazioa iraunarazteko bitartekoa zela salatu zuen Ezker Abertzaleak mozioaren bidez. Marko horrek ez duela inolaz ere gatazka politikoaren gainditzea ahalbideratuko adierazi zuten.

EAJren bozeramaile Jesus Maria Barandikak testu bat irakurriz defendatu zuen bere alderdiak mozioaren aurrean emandako ezezkoa. Bere esanetan, «EAJk askotan agertu du alderdien legearen kontrako iritzia. Legea onartu zenean EAJk helegitea aurkezteko ekimena bideratu zuen Eusko Legebiltzarrean, baina ezker abertzale erradikalaren ordezkariek ez zuten begi onez jo eta kontrako botoa eman zuten. Hori dela eta, ez genuen alderdien legearen kontrako errekurtsoa aurkezteko aukerarik izan».

Barandikaren esanetan, «egungo egoera, besteak beste, ezker abertzale erradikalaren jokabidearen ondorioa ere bada. Jokabide horren ondorioz hemen gaude alderdi politikoen legearen ondorioak bete beharrean. Dena dela, uste dugu badagoela EAEren presentzia ziurtatzeko modurik», adierazi zuen EAJko ordezkariak.

Azalpenak

Begoña Landak (EA) mozioaren seigarren eta bederatzigarren puntuek eskatzen zutena ez zuela argi ikusten azaldu zuen. Aralarrek ere gauza bera adierazi zuen, baina laugarren eta seigarren puntuei zegokienez. Horregatik, mozioaren puntuak banaka bozkatzea eskatu zuten biek. Hala ere, Ezker Abertzalea aurka azaldu zen eta talde horretako Idoia Fernandezek aipatutako puntuak argitu zizkien bi zinegotziei.

############

Mozioaren puntuak

Udal honek indar politiko guztiek Euskal Herriko bizitza politiko, sozial eta kulturalean berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatzen du.

Udal honek ilegalizazio estrategia euskal herritarren nahiz Euskal Herriaren eskubideen aurkako eraso bortitza dela adierazten du. Udal honek alderdi politikoen ilegalizazio estrategiak normaltasun politikotik urrundu eta gatazka politikoa elikatzen duela adierazten du.

Udal orok herritarren borondatea behar du oinarri. Hortaz, udal honek, herritarren borondatearen aurkako lege, epai edota erabakiei ez die inolako zilegitasunik aitortzen.

Udal honek herritarrek aukeraturiko ezker abertzalearen zinegotziak eta parlamentariak, eragile eta mintzakide politiko gisa onartzen ditu.Udal honek ezker abertzalearen parte-hartze politiko osoa ziurtatu ahal izateko konpromisoak hartuko ditu.

Udal honek euskal jendarteak nahi eta eskatzen duen aldaketa politikoa, Euskal Herriaren autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideetan oinarrituko den aldaketa, gauza dadin bere ekarpena egiteko prest dagoela adierazi nahi du.

Udal honek, alderdi interesen gainetik, zazpi herrialdeetako euskal herritarrok Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea ahalbidetuko duen marko demokratikoaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen du.

Udal honek ilegalizazio estrategiaren bidez Euskal Herrian ezarritako salbuespen egoera salatzeko eta euskal herritarren eskubideak nahiz borondatea errespeta dadin exijitzeko `Herriaren borondatea errespetatu: ilegalizaziorik ez!´ lelopean manifestazio bat egiteko deia luzatzen du eta herritarrei manifestazio horretan parte hartzeko gonbitea luzatzen die.Mozio honen bidez onartutakoa herritarrei zein komunikabideei jakinaraziko zaie.

############

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.