Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Gautegiz-Arteaga
2009ko urtarrilak 9, Barikua

;2008-12-03;Busturialdeko tren sarean hiru gune berrituko dituzte. Azpiegiturak Euskal Trenbide Sareak milioi bat euro inguruko aurrekontua izango du egokitze lanak egin ahal izateko.

Busturialdeko tren sarean hiru gune berrituko dituzte

Azpiegiturak Euskal Trenbide Sareak milioi bat euro inguruko aurrekontua izango du egokitze lanak egin ahal izateko.

endika urlezaga

Euskal Trenbide Sareak Bilbao-Bermeo trenbideko hiru gune berrituko ditu datorren urtetik aurrera. Garraio eta Hirigintza sailaren menpe dagoen ente publikoak hiru tokitan berritze lanak egingo dituela jakinarazi du. Hiru proiektu horiek, Axpe inguruko pasabideen murrizketak, Mundakan dagoen Santa Katalina tuneleko egokitze lanek eta, azkenik, Zugastieta eta Muxika arteko trenbidearen egokitze lanek osatzen dituzte.

Euskal Trenbide Sareak aurrera eramango dituen proiektuok 2007-2012 Plan Estrategikoaren baitan kokatzen dira. Horiekin, bidaiarien eta pasabideen erabiltzaileen segurtasuna hobetu nahi dute, besteak beste. Era berean, zerbitzuaren fiabilitea handitzeko balioko dute eta, gainera, kurtze ezberdinak murriztu ahalko dira.

Zornotza eta Bermeo arteko trenbidean aurrera eramango den proiekturik garrantzitsuena Busturian egingo dutena da. Axpeko geltoki ondoan eta Iturriondo bidean lurraren mailara dauden pasabideak murriztuko dituzte. Oraindik lanak esleitu ez badituzte ere, proiektuak 160.000 euroko aurrekontua izango du gehienez, eta hamar hilabetetan obrak bukatuta egon beharko dira.

Gaur arte Euskal Trenbide Sareak sei eskaintza jaso ditu proiektua egiteko. Hala ere, datorren urteko udazkenean edo neguan esleituko ditu Euskotrenek lanak eta ondoren pasabideen murrizketari ekingo diote. Nahiz eta Busturiko Udalak eta Euskotrenek sinatutako akordioaren arabera obra horiek 2005rako eginda egon behar liratekeen, ezin izango dituzte bukatu 2010. urtera arte.

Santa Katalinako tunela

Mundakako lurretan dagoen Santa Katalinako tunelean ere egokitze lanak egingo dituzte datorren urtean. Kasu horretan ere, oraindik lanak esleitu ez dituzten arren, tuneleko katenarian egin beharreko egokitzapenak izango duen aurrekontua zehaztu dute. Hain zuzen, 892.000 eurokoa izango da. Datorren hilabetean has daitezke lanean Santa Katalinako tunelean. Obrak amaitzeko epea, berriz, horiek hasi eta bi hilabeteren burura arte luzatuko da.

Euskotrenek jakinarazi bezala, «obrek ez dute inolako eragozpenik sortuko bidaiariengan». Izan ere, gauez egingo dituzte lanak eta ez dute eraginik izango trenaren ohiko martxan.

Muxikan ere hobekuntzak

Zornotza eta Bermeo arteko trenbidearen hobetze lanekin bukatzeko, Zugastietako geltokitik Muxikakora doan trenbide zatiaren lanak aipatu behar dira.Nahiz eta oraindik proiektua idazteke egon, hobetze lanak datorren urtean zehar esleitu eta burutu daitezke, guztia bide egokitik joanez gero.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.