Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Gautegiz-Arteaga
2009ko urtarrilak 9, Barikua

;2008-12-04;Sindikatuek lanuzteak deitu dituzte biharko elikagaien merkataritzaren sektorean. Ekonomia Hilaren 22an, 23an eta 24an ere izango dira lanuzteak, LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk deituta.

Sindikatuek lanuzteak deitu dituzte biharko elikagaien merkataritzaren sektorean

Ekonomia Hilaren 22an, 23an eta 24an ere izango dira lanuzteak, LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk deituta.

maite orue

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek grebara deitu dituzte elikagaien merkataritzako sektoreko langileak. Lau egunetan aurreikusi dituzte lanuzteak eta horietan lehenengoa bihar izango da. Gainontzekoak, aldiz, gabon jaien atarian egingo dituzte, hain zuzen ere, hilaren 22an, 23an eta 24an.

Aipatu sektoreko langileek mobilizazioak egin zituzten udan eta negoziazio mahaia azaroaren 24an bildu zen azken aldiz. Mahaian dauden sindikatuek, baina, elikagaien merkataritzako ugazabek aurkeztu duten proposamena «atzerakoia eta onartezina» dela salatu dute. Hain justu, beharginen «lan baldintza eta eskubideetan atzera» egin nahi dutela diote sindikatuek.

Hitzarmena, «blokatuta»

Gauzak horrela, «hitzarmena blokatuta» dagoela eta erabaki dute greba egunak deitzea, LAB sindikatuko zerbitzuetako eskualdeko arduradun Xabier Ugartemendiak argitu duenez. Ugartemendiaren arabera, eskualdeko bizilagunek «Ercoreca, Totoricaguena eta Lidl» supermerkatuetan igarriko dira lanuzteak, Eroski eta Dia supermerkatuek beste hitzarmen bat dutelako. LABeko kideak dioenez, «arraindegietan ere nabarituko da greba».

Sektoreko langile gehienak emakumeak dira eta lanuzte luzeek gain soldata txikiak dituzte, 800 euro ingurukoak. Enpresaburuek soldatak izoztu nahi dituzte, baina sindikatuek ez dute begi onez ikusten neurria, «batez ere azken urteetan irabaziak izan dituztelako». Marige Fernandez ELAko Merkataritza arduradunaren hitzetan, «ez da onartuko inolaz ere soldaten izozketa, batik bat, soldatak hain baxuak direnean».

Era berean, «ugazabek proposatzen dituzten murrizketak onartuko ez» dituztela diote sindikatuek. «Ezezko borobila emango diogu egun ditugun eskubideen murrizketei, bereziki, amatasuna eta antzinakotasunari dagozkien gehigarriekin lotutakoei», Fernandezen esanetan.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.