Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Gautegiz-Arteaga
2009ko urtarrilak 8, Eguena

;2008-12-05;Espainiako txapelketara doa Xixili Gimnasia Taldea . Kirola Zaragozan jokatuko den Espainiako txapelketara doan taldea alebin mailako neskek osatzen dute.

Espainiako txapelketara doa Xixili Gimnasia Taldea

Kirola Zaragozan jokatuko den Espainiako txapelketara doan taldea alebin mailako neskek osatzen dute.

endika urlezaga

Bermeoko Xixili Gimnasia Taldeak ordezkaritza izango du Zaragozako (Espainia) Pabellon Siglo XXI-n jokatuko den taldekako Espainiako txapelketan. Alebin mailaren barnean, 11 urteko neskatoak gaurtik domekara bitartean lehiatuko dira.

Espainiako txapelketan taula gainera aterako diren neskak Zidatz Barandiaran, Cristina Alegria, Oihane Lopez, Olatz Arrizabalaga, Salva Bilbao eta Maria Egaña izango dira. Xixili taldeko kideek ariketa bat egingo dute esku hutsik eta beste bat bost baloirekin. Ariketa horiek Espainiako federazioak aukeratzen ditu eta urtero aldatzen dituzte.

Neskatoen esanetan, «bertara heltzea bakarrik sari bat izan da» eta horregatik ahalik eta emaitza onena lortzea da beraien asmoa. Macarena Milla nesken entrenatzailea ere uste berekoa da. «Ondo pasatzera goaz. Lehen aldia da neskok Espainiako txapelketara doazela eta ezin zaie gehiago eskatu», dio. Hala ere, berak adierazi bezala, parte hartuko duten 40 taldeen artean, «erditik gora amaitzea gustatuko» litzaioke.

Azken urteetan kirol horrek izan duen gorakadaren ondorioz zaila izango dela uste duen arren, «esperantza apur bat» beti izan behar dela argudiatzen du nesken entrenatzaileak. Izan ere, Millaren aburuz, «telebistaren eta Almudena Cid gimnasta olinpikoaren eraginez hein handian, kirol hau gero eta hedatuago dago eta honek taldeen kalitatea ere handitzea ekarri du».Espainiako tituluarengatik borrokatzeko hautagai nagusitzat Valentziako (Herrialde Katalandarrak) eta Andaluziako taldeak jotzen ditu, Eibarko Ipurua taldearekin batera.

Era berean, Zaragozako taldea ere lehen hiru postuengatik lehiatu daitekeela pentsatzen du entrenatzaileak. Bere esanetan, «etxean aritzea abantaila izan daiteke Zaragozako neskentzat».

Kirol gogorra da

Xixili taldeko entrenatzaileak jakinarazi bezala, «neskok hamar ordu entrenatzen dituzte astero». Millak gimnasia erritmikoa «kirol oso teknikoa» dela argudiatzen du eta horregatik behin eta berriz errepikatu behar direla ariketak. Asko jota bi minutu eta erditan, denboraldi osoko lana pikutara joan daiteke hutsegite txiki batengatik. Entrenatzailearen hitzetan, hortaz, «ezinbestekoa da ariketak ondo landuta izatea».

Hori dela eta, kirol nahiko gogorra dela dio Millak. Dena den, entrenatzera joaten denak gustuko duelako egiten duela aipatzen du. Gainera, adierazi moduan eta jendeak uste duenaren aurka, «gimnasia erritmikoak diziplina areagotzen du eta honek neskak gehiago antolatzea» ekartzen du. «Ez dira zertan beste aktibitateak albo batera uzi behar astean hamar ordu entrenatzeagatik eta nesken notak ere ez dira jeisten». Kontrara ere gertatzen da askotan, Millak jakinarazi zuenez, «zenbait gurasok eskolan hobetu egin direla aipatzen dute».

Presioa ez, urduritasuna bai

Espainiako txapelketa gerturatu ahala neskek presiorik ez dutela pentsatzen du Xixiliko entrenatzaileak. Adin horiekin presioa beharrean urduritasuna egoten dela argudiatzen du. Sei neskatoak ere Millarekin bat datoz, baina urduritasuna lehiaketa hasi aurretik soilik izango dutela diote. Izan ere, behin taula gainera ateratakoan, nerbioak ahaztu egiten direla aipatzen dute Xixiliko taldeko kide gazteek.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.